Urdaibaiko Biosfera Erreserba

Bizkaiko Golkoko urmael batean kokatuta dago Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Busturialdean, (Bizkaia) hain zuzen ere. Naturgune honek hainbat paisaia biltzen ditu inguru paregabean: itsaslabar eta hondartzak, baso eta errekak, eta padura eta ibaietako ibarrak, besteak beste.

Sailkapena:

Biosfera-erreserba

Udalerriak:

Bizkaia: Amorebieta-Etxano, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz, Arrieta, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Mendata, Morga, Muxika, Mundaka, Sukarrieta, Errigoiti, Forua, Kortezubi, Murueta, Nabarniz, Ajangiz, Arratzu.

Informazioa:

Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatua
Udetxea Jauregia, Gernikatik Lumorako errepidea.
48300, Gernika-Lumo, Bizkaia.
Telefonoa: 946 257 125
Faxa: 946 257 253
Emaila: urdaibai@ej-gv.es

Servicios:

Datos de interés:

Mundakako itsasadarra, Urdaibairen erdigunea

UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen 1984an, eta haren erdigunea Mundakako itsasadarra da. Ur geza eta ur gazia batzen dira itsasadar horren amaierako hareatzetan (12 km), Euskadiko hezegune garrantzitsuenean. Urtero, neguan batez ere, hegazti migratzaile hauek ikus daitezke bertan atseden hartzen: lertxun hauskarak, ubarroiak, txenadak, mokozabalak, antxetak eta lohi eta hondarretan lurperatuta edo erdi lurperatuta bizi diren animaliak jaten dituzten limoetako hegazti asko.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Oka ibaiaren arroan dago. Gernika-Lumo da inguru horretako herri nagusia, eta paisaia bikaina osatzen du landaguneko beste herri eta herrixkekin batera. Mundakako itsasadarra ikustea beti merezi du, itsasgora zein itsasbehera egon. Gainera, itsasadarraren alde banatan dago errepidea; Gernika-Lumo eta Bermeo lotzen dituena da bata, eta, Elantxobera bidean, Gernika-Lumo eta Laga batzen dituena bestea. Hortaz, hainbat ikuspegitatik begira diezaiokegu itsasadarrari.

Itsasertzean bertan, itsasadarraren ekialdean, Ogoño edo Atxurkulu lurmuturra dago eta ubarroi mottodunak eta belatz handiak bizi dira bertan. Kareharrizko haitz handiaren magalean, Laga, jende andana hartzen duen hondartza ederra, ageri da. Flora psamofilo, hareatza eta dunetako berezko landaretza, ikus daiteke bertan. Itsasadarraren bokalearen parean berriz, Izaro uhartea dago. Han, kaio hankahoriek eta lertxuntxo txikiek (orain gutxi sartutako espezieak) habia jartzen dute.

Itsasbehera dagoen orduetan, hondartza zabalak ageri dira bokalearen inguruan. Halaber, ibaian gora, Gautegiz-Arteagatik Kanalara doan bidean batez ere, balio ekologiko handiko padura ikus daiteke errepidetik bertatik.

Santimamiñeko kobazuloak eta Omako basoa

Bestalde, Urdaibaiko barrualdean, aipatu beharreko bi leku daude: Santimamiñeko kobazuloak (bisitarientzako itxita) eta Omako basoa. Kareharriaren higaduraren ondorioz inguru honetan sortu diren haitzuloak historiaurreko ehiztariek erabili zituzten, aterpe bezala. Horietako bat Santimamiñe dugu, Kortezubi herrian. Han, harpeetako artearen erakusgarri bikaina utzi ziguten gure arbasoek, ehizatu ohi zituzten animaliak pintatu baitzituzten. Beste zenbait haitzulotan, berriz, gure aurrekoek utzitako materialak (hezurrak eta tresnak) aurkitu dituzte.

Inguruetan, Omako baso liluragarria dago. Artearen eta naturaren arteko harreman berria ezarri zuen Agustin Ibarrola artistak bertan, hainbat pinu margotu eta bizia emanda. Hala, mihise erraldoia egin zuen, ibilian eta perspektibekin jolasean bisitariak berriz osa dezakeen mihisea.

Oharrak

Baimenduta dagoen lekuetan egin daiteke arrantza, betiere arauak errespetatuz.

Urdaibaiko mendigunea ez dago pertsona ezinduentzat egokituta.

Fauna

Kantaurialdean, balio ekologiko handiko habitata osatzen dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbako paduran dauden kanalek zein lohi (itsasbeheran ikus daitezke) eta lezka gune zabalek.

Zalantzarik gabe, azpimarratzekoa da naturguneak uretako hegaztien migrazio-bidean duen garrantzia. Han aurki daitezkeen zenbait espezie (mokozabala, esate baterako) desagertzeko arrisku handian daude. Dena den, padurako ur horietan hegazti-talde askori beha dakioke: zangaluzeei, anatidoei, arrano arrantzale eta beste harrapari batzuei, lezkariei, ardeidoei, txenadei, kaioei eta aliotei, besteak beste.

Udazken oro, irailean, hegaztiek bidaia luzea hasten dute, eta itsasadarra leku paregabea izaten da, kataloxak eskuetan, hegazti horiek euren joanean ikusteko.

Flora

Itsasadarretik inguruneko paisaiari begiratuta, kolore berde iluneko landaredi itxia duten erliebe batzuk ikusiko ditugu, batez ere eskuinaldeko ertzean (Atxarre-Ereñozar). Kantabriako artadiek eta zuhaixka txikiek estaltzen dituzte kareharrizko gailur horiek.

Landaredi mota hori ohikoa da mediterranear eremuan, baina ez hemen, atlantikoan. Halere, lurrak harkaitzez beteta daude eta lehorrak dira. Horrez gainera, ez dira nekazaritzarako inoiz erabili, eta, hain zuzen, horrelako lurretan errotzen dira mota horretako landareak.

Kokapena eta ostatuak inguruan

Sarbidea: Bilbotik, N-634 errepidetik abiatuta, BI-635 Zornotza eta Bermeo lotu eta Biosfera Erreserba iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen bidea har dezakegu. BI-631 errepideak, berriz, Mungia eta Bermeo batzen ditu mendebaldetik.

Garraio publikoa: Autobusez: Bizkaibuseko hainbat autobus iristen dira inguru horretara:Lekeitio/Elantxobe/ Gernika-Lumo/Bilbo
Gernika-Lumo/Bilbo
Bermeo/ Gernika-Lumo/Bilbo
Bermeo/Bakio
Bermeo/Mungia/Derio/Barakaldo
Gernika-Lumo/Gamiz-Fika/Mungia
Lekeitio/Aulestia/ Gernika-Lumo/Bilbo

Trenez: Bilbo-Bermeo EuskoTreneko trenak geltokiak ditu Gernika-Lumon, Busturian, Mundakan eta Bermeon.

Itsasoz: Ferrya (Mundaka eta Sukarrietatik Laga eta Laidako hondartzetara joan gaitezke udan).
Aparkalekua: Biosferaren Erreserba osatzen duten udalerrietan eta inguruetan aparkaleku ugari daude, ordaintzekoak eta doakoak. Autoa horietako batean utzita, edo garraiobide publikoa (trena, autobusa edota ferrya) erabiliz bertaraino joanda, hainbat ibilaldi egin ditzakegu oinez zein bizikletaz inguruetatik, zein baino zein ederragoak.

Erlazionatutako ostatuak

21 emaitza