Hala, Bermeo eta Bakio lotzen dituen errepidetik kareharrizko irlatxo bi ikus daitezke, itsaslabar malkartsuaren aurrean: Gaztelugatxeko Doniene eta Aketxe. Lehena itsasoaren olatuek zizelkatutako haitzen gainean eraikitako zubi baten bitartez heltzen da lurrera. Alde batean, itsasoak harkaitzetan zulatutako tunelak, naturaren gutiziak, ikus ditzakegu. Tontorrean berriz, ermita bat dago, eta, bertara iristeko, zubia igaro eta 273 eskailera-maila igo behar dira. Herri kondairak dioenez, San Joan Bataiatzailea bera Gaztelugatxe ikustera joan zen. Bermeoko portura itsasontziz heldu zen, eta, handik hiru pauso emanez, uhartera iritsi zen. Azken pausoa zubia eraikita dagoen tokian eman omen zuen. Historian zehar, ermitak hainbat aldiz su hartu du eta kortsarioek harrapaketak egin dituzte bertan. Hori dela eta, eraikina berreraiki behar izan dute.
Aketxera, berriz, itsasotik baino ezin da heldu eta, horregatik, giza presentzia txikia izan da bertan. Isolamendu horrek eta uhartearen ezaugarriek itsas hegazti ugariren gustuko toki bihurtu dute. Besteak beste, ekaitz-txori arruntak, ubarroi mottodunak, oin horidun kaioak eta haitz-usoak daude Aketxen.
Oharrak
Lurretik kanaberaz arrantzan egitea baimenduta dago.
Biotopoan zehar, ibilbide polita egin daiteke, naturguneko tokirik esanguratsuenetan barrena.