Leku gutxitan agertzen da natura Armañongo Parke Naturalean bezain distiratsu. Bere tontor eta basoen artean, bide ugari eta berrehun haitzulo baino gehiago hedatzen dira.
Armañon Enkarterriko bitxi naturaletako bat da. Parkea Karrantza eta Turtzioz udalerrien artean hedatzen da, eta aberastasun ekologiko handiko paisaia karstikoak ditu ezaugarri. Harrizko mendigune horiei esker, Armañonek mikroklima paregabea du, eta, horri esker, artadi eta pagadi mediterraneoak hazi dira Kantauriko litoraletik oso kilometro gutxira.
Landa-eremu hain landatar horretan, Parke ingurua bisitatzean erraz ezagutzeko moduko bertako abere-arraza batzuek irauten dute: aurpegi horaileko ardi karrantzarra eta aurpegi beltzekoa, Enkarterrietako txakur bilaua edo behi montxina horietako batzuk baino ez dira.
Parkea naturaren gorazarrea da, baso hostotsuekin eta leize, dolina, torka eta kobazuloen labirinto amaigabearekin. Bere zorupeak 200 haitzulo baino gehiago ezkutatzen ditu, asko espeleologoentzat bakarrik irekiak, bere hedadura handiagatik, Torca del Carlista, esate baterako. Ezagunena, ordea, Pozalaguako haitzuloa da, 2013an Repsol Gidako Txokorik Onena aukeratua.
Pozalaguak ikuskizun paregabea eskaintzen du: munduko estalaktita eszentrikoen kontzentraziorik handiena. Lodiera milimetrikoko formazio horiek grabitatearen legeei desafio egiten dietela dirudi, eta nahierara gurutzatzen dira mosaiko ikusgarri bat eratzeko.
Zutabe-formazioen eta koladen artean egiten da bisita, Versailles aretora iritsi arte, estalaktita eszentrikoen kontzentrazio handiena duen aretoa. Ibilbideak begiratoki bateraino jarraitzen du, zorupeko txoko honen handitasuna bere distira osoan ikusteko aukera ematen duena.
Armañongo Parke Naturaleko Interpretazio Zentroan, Pozalaguako haitzuloaren inguruan, informazio gehiago eskuratu ahal izango duzu Parke Naturalari eta ondoko Ordunte mendialdeari buruz, Armañon bezalaxe Natura 2000 Sarekoa.
- Helbidea: Ranero, Karrantza (Bizkaia)
- Telefonoa: +34 946 560 079
- E-maila: armanon.parke.naturala@bizkaia.eus