Xendazaletasuna maite baduzu, toki egokira iritsi zara. Valderejo haran zabala da, harkaitzetan amaitzen diren mendi-hegal aldapatsuez inguratua. Bederatzi xendak zeharkatzen dute, eta horien artean Puron ibaiaren haitzarte ederra nabarmentzen da, Parke honetako paisaia-harribitxia.
Valderejon askotariko fauna eta flora aurkituko dituzu. Bere balio ornitologikoak bereziki deigarriak dira, eta bere arroken artean Euskadiko sai arrearen koloniarik ugariena dago.
Lalastran, Valderejoren bihotzean, zain dituzu Parketxea, ibilbide eta zerbitzuei buruzko informazioa ematen duena, eta Museo Etnografikoa, ibarraren historia eta ohiturak erakusten dituena.
Familian bazatoz, haurrentzako eta piknikerako ekipamendua duen atsedenleku bat duzu. Oso gertu daude Lahoz, Villamardones eta Riberako herriguneak, azken biak hustutako herriak eta ibiltzeko interesgarriak. Inguru horretan, halaber, galtzada erromatar baten hondakinak, monumentu megalitikoak (San Lorentzo tumulua, Leron mendiko monolitoa) eta hainbat garaitako baselizak daude.
Valderejoko Parketxea, Lalastrako herrigunean dago. Eraikina garai batean haran honetako eskola izandakoa da. Azpiegitura hura berritu eta handitu egin zen, altura bat gehiago eman zitzaion, harrera-zentroaren funtzioak betetzeko:
- Helbidea: Lalastra (Araba)
- Telefonoa: +34 945 353 146
- E-maila: parquevalderejo@parques.araba.eus
- Webgunea: www.valderejoparkea.eus/es